Independentzia da demokraziaren abiapuntua

Gure herria okupatua dagoela da etorkizuna bere kabuz ezin erabaki dezakeen herri batek barneratu behar duen lehenengo ideia. Estatu inperialistak inoiz ez du onartuko bera okupatzailea denik eta egoera normalizatu batean bizi garenaren mezua zabalduko du sistemaren bitartekoekin.

Boterean daudenek ez pentsatzeko esaten diote gizabanakoari, soilik obeditzeko; bere kabuz pentsatzea oso arriskutsua dela eta huts egitea oso erraza. “Demokrazia” batean gaudenez, beraiek pentsatuko dutela zer den egokiena. Hau da etengabe jasotzen dugun mezua, botereak dituen baliabide guztietatik; noizbehinka bozkatu eta ahaztu beste guztia.

Menpekotasun egoera horretan gizakia ezin daiteke benetako demokrazian bizi. Ez da bere kabuz pentsatzeko gai; zaila egiten zaio errealitatea ikustea baina bere jarduera demokrazia batean biziko balitz bezala jorratzen du.

Menperatua dagoen gizarteari dagokio, halabeharrez, Estatu okupatu bat dela ohartu ondoren, hori salatzea. Horrek motibatzen du herri bat izatearen kontzentzia, independentziaren edo demokraziaren beharra, eta gaurko egoeratik irteteko estrategia bat bilatu beharra.

Estatu nazio batek bere hegemonia politikoa ezarri nahi duenean beti saiatuko da, bere izaeragatik, gizartea homogeneizatzen, bere nagusitasunarentzat arriskutsuak diren arlo guztietan. Berea dela uste duen lurraldean, Estatua sostengatzen duen herria ezik beste guztiak ezabatu beharrekoak dira; ez direla existitzen esango du, ez dagoela beste herritik, komunitateak edo “demos”ak baizik.

Gero eta zabalduagoa dago gure artean iruzur hau: existitu behar den guztia, berandu bada ere, noizbait existituko dela, arrazoimen eta zuzenbidezko balizko printzipio unibertsal eta kategorikoen arabera. Demokraziarekin hori gertatuko dela diote. Estatua (inperialista) demokrazia bilakatuko dela noizbait teoria horren arabera; Estatu baten nahitaezko bilakaera demokrazia dela. Berdin dio nola heldu den Estatua izatera, horrek ez du garrantzirik, ezkutatu egiten da. Biolentziaren bidez egin badu ere, historia arrazoimenaren obra omen denez, lehenago edo beranduago demokrazia bilakatuko da Estatu hori; bukaeran arrazoimen hori ezarriko baita, nahitaez. Historiaren patua bailitzan, ez dugu auzitan jartzen beraien Estatua, besterik gabe onartu behar den zerbait omen da.

Azkenean barneratu egiten dugu demokrazia batean bizi garela, gabezi batzuekin bada ere. Gabezi horiek desagerrazari ondoren, “marko demokratiko” bat lortu ondoren, Espainan edo Frantzian dena izango dela posible sinistaratzen digute; baita Espainako edo Frantziako edozein komunitate edo “demos”ean Estatu berri bat ezartzea ere, gurea kasu.

Beraz, batzuk planteatzen duten estrategia da, lehenengo demokrazia lortzea Espainan eta Frantzian eta ondoren independentzia. Gure herrian egin dezakegun gauza bakarra, hortaz, itxarotea edo Estatu menperatzaile horiei “marko demokratiko” bat bihurtu dadin laguntzea da. Demokrazia formal baten printzipioek onartu beharra baitaukate Estatu berri baten sorrera: etorkizunenan, noizbait, menperatzailearen erraietatik ernatuko den zerbait.

Halako “marko demokratiko” bat ezin gauzatu daitekeen zerbait da, pentsa ezina, absurdo bat, inposiblea; inoiz eta inon eman ez dena.

Demokrazia, herriaren gobernua edo botera bezala definitzen da eta mundo guztiak, aho batez, formalki behintzat onartzen duen sistema bat da. Baina demokrazia modernoaren teorizatzaile askok gizabanakoan oinarritzen dela diote, ez orde herrian; gizabanako abstraktuen eskubideak bermatzen dituela diote baina ez gizaki edo herri konkretuarenak. Iritzi honen teorikoek – ondo finkatutako eta bermatutako Estatuetan bizi diren horiek – demokrazia moderno atzean dagoen premisa edo aurrebaldintza bat ezkutatzen dute: Estatu nazioa, ezkutatu egiten dute beste herri batzuk bere unitarismoaren barnean sartu nahi izateak Estatu-nazio horiei ematen dien izaera inperialista.

Indarkeriaren bidez heldu dira Estatu nazio izatera; guk, aldiz, beraiek (biolentoak) eskaintzen diguten bide baketsuak jarraitu behar ditugu: elkarrizketa, negoziazioa, elkar bizitza, kontsensua, sedukzioa, Espainiarekiko eta Frantziarekiko dibortziorik ez…beraiek demokraziaz mozorrotzen duten bidea, hain zuzen ere. Hau da, gure herri izaera indarrez ukatzen digutenekin adostu behar omen dugu gure etorkizuna.

Bidea ez da hori; zapaldua dagoen herriak ezin du zapaltzailearen baimenaren zain egon. Gure independentziak ez du Espaina eta Frantziaren “demokratizazioaren” zain egon behar. Nabar herriak bere kabuz pentsatu eta jardun behar du bere benetako egoera okupazioarena dela ikusi dezan, ez dela demokrazia batean bizi ohartu dadin eta berak bakarrik hartutako erabakiek eramango dutela askatasunera barneratu dezan; ez ordea, herri gisa desagerrarazi nahi diguten horiekin lortutako akordio baten bidez.

Estrategia horrek alderantziz ipintzen ditu terminoak: ordena ez da lehenengo nazionalismo oldarkor edo erasotzailearen demokrazia eta ondoren independentzia; ezinezkoa da egoera demokratiko bat, aurretik ez bada lortu gure independentzia. Hori da demokrazia batek ezinbestean bete behar duen lehenengo baldintza. Hori esan nahi du autodeterminazio eskubideak.

Horregatik da independentzia demokraziaren abiapuntua, horregatik da independentzia demokrazia baino lehenago premisa bat, beharrezko aurrebaldintza bat. Hori da ordena eta ez alderantzizkoa. Independentzia landu eta lortu behar da jadanik, berehala. Ezin dugu itxoin Espaina eta Frantzia ezinezkoa diren “marko demokratikoak” bihurtu artean; are gutxiago prozesu horretan gure ahaleginak eta indarrak alferrik galdu. Askatasuna lortzean egingo dugu, agian, Espainia eta Frantzia demokratikoagoak. Gure independentziak gauzatu lezake Estatu horien demokratizazioa.

Utz diezaiegun beraz, haien etxeko lanak egin ditzaten eta egin ditzagun guk gureak: erakunde nazional propio bat eratu, bertatik egiteko independentziaren aldarrikapena.

Indar guztiak erabili behar ditugu berehalako independentzia lortzeko. Distrakziorik gabe, gure Estatuari, sozialista, kapitalisa, feminista, matxista, antimilitarista, errepublika, monarkia edo horrelako adjektiborik jarri gabe lortu aurretik. Herriak erabakiko du, ondoren, zein koloretakoa nahi duen bere Estatua. Ondo dago bakoitzak bere Estatu eredua irudikatzea baina helburu estrategiko bakar eta berehalakoa, independentzia lortzea da, demokrazia heltzeko. Eta “baldintzaturiko edo gerorako utzitako autodeterminazio eskubidea” kontraesan hutsa da, absurdo bat.

No Replies to "Independentzia da demokraziaren abiapuntua"

    Dejanos tu opinión

    Uso de cookies

    Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

    ACEPTAR
    Aviso de cookies