Herri bat begien aurrean

Pako Aristi – Idazlea.

BERRIA

Egiten dizkidaten elkarrizketa gehienetan bada hitz bat, etiketa bat beti errepikatzen dena: «Probokatzailea». Halako omen naiz. Edo, tira, «polemikoa» ere esan didate batzuetan, edo apur bat adeitsuago izan nahian, «ausarta». Ez didate, agian, asmo makurrez esango, eta bai automatismoz, errazkeriaz, baina kazetariek arduratsuago izan behar lukete etiketak erabiltzeko orduan, askotan, etiketa batek baliogabetu dezakeelako pertsonaren ibilbide oso bat, haren konplexutasuna murriztu, jakin-mina amatatu. Pertsona bati etiketa jartzea pertsona hori baztertzea da, zer eskaintzen duen, zer dakarren begiratu gabe. Etiketak tresna politikoak dira, zer pentsatu behar dugun erabakitzen dutenek ezartzen dituztenak, korronte ideologikoa zehazten dutenek, eta pentsamolde hori babesteko gogoeta askatasuna eta iritzi ezberdinen zirkulazioa murriztu nahi dutenek.

Norbaiti buruz «probokatzailea» dela esatean iradokitzen duzuna hau baita: «Ba, gustatzen zaio bere burua nabarmentzea, egolatra hutsa da, beti dabil xextra bila». Bere iritzia debaluatzen duzu, funsgabea balitz bezala. Karikaturatik oso hurbil dago, eta hortik probokatzaile omen denaren ezer ez irakurtzera, pauso bat, pauso errazegia. «Ez da gurea» esaldi lazgarriak kalte handia egin du gurean. Niretzat ardura kontua da gure egoeraz pentsatzen dudana idaztea, ez begiak ixtea, botere gune ezberdinetatik zabaltzen dituzten kontakizun auto-konplazienteak ezbaian jartzea.

Badira zazpi urte, 2011tik, nire lana fase politiko batean sartu zela, nire lanari zentzu kolektibo bat emateari ekin niola. Liburuak idatzi ditut, artikuluak, hitzaldi pilo bat eman, ikerketa eta gogoeta partekatu nahian. Beharrezkoa zitzaidan nire lanari, euskal idazle gisan, marko historiko-politiko bat ezartzea, gure gabeziak ulertzeko. Politikaz idazten dut, baina baita ere politikak berak etengabe deitzen gaitu gu, politika gure bizitza erabakitzen ari delako egunero, bai indibidualki, bai herri gisan.

Idaztea, hasieran nahiko praktika egotikoa izan daiteke, nire kasuan hala gertatu zen. Baina, une batean, idaztea ego horren bazka izatetik ekarpen kolektibo bihur zitekeela sumatu nuen, hor zeukala bere azken zentzua, nik, artez edo moldez, zertxobait menperatzen nuen ofizio hark. Noiz gertatu zen hau? Herri kontzientzia piztu zitzaidanean.

Idazlea aske da bere hastapenetan, ez du ezagutzen mugarik, izurik eta auto-zentsurarik. Esparru pertsonalean hasten da bizitzen, eta gero, bere ibilbidean geruzak zeharkatu ahala, are eta inplikazio sakonagoetan sartzen: nire asmazio pertsonalak irakurlearengana iristen dira, herri hori osatzen duten baldintza historiko, ekonomiko, soziologiko eta abarrak aurkitzen ditu bidean; sakonerago joanez, nazio bat aurkituko du, bere arazo eta erantzukizunekin, gatazka politikoak, historiari buruzko kontakizun ezberdinak, nahasmen estrategikoak, teoria politikoak. Herri hori, nire kasuan, Euskal Herria da, kasu berezia: askatasuna erdietsi ez duen herri bat. Askatasuna kudeatzea gauza bat da; askatasuna lortzea, beste bat guztiz ezberdina. Eta gure herriak bigarren ezaugarri hori dauka. Horrek bereizten gaitu, beste gauza batzuen artean, idazle espainol bat, eta ni, idazle italiar bat eta ni, Fernando Aranburu bat eta ni.

Idazle bakoitzak erabakiko du noraino iritsi nahi duen. Itsas-murgilketa sakoneko probetan bezala, zenbat eta gehiago lerratu sakonera, orduan eta presio handiagoa izango du, orduan eta arnasa gutxiago hartzen utziko diote. Ni beti izan naiz konprometitzekoa, pausoa ematekoa, nire hitza idaztekoa, horrek, atzean geratu banintz, izango ez nituzkeen arazoak ekarri arren. Gizartearen aurrean kokatzen den idazleari, edo kazetariari eskolara hasten den umeari bezala gertatzen zaio: begira dauzka denak, ea zertan hasten den. Ikara horren aurrean, batzuek neurtzen hasten dira zer irabaz eta zer gal dezaketen halakorekin eta bestearekin… Horrela hasten dira euren askatasuna murrizten.

Azalean ibiltzea librea da oso; kostunbrismoa, etxe-barruko munduaren agerpena, obsesio eta frustrazioen alardea ez dago penalizatua. Baina «idazle-florero» bihurtzen dira, «kazetari-florero», eta niretzat hori da probokatzailerik handiena: erosotasunagatik beste aldera begiratzen duena, idazteko leku bat eduki eta funtsezko gaiak saihestuz, inoiz zalantzan jarri gabe gutaz esaten duten ezer. Zenbat aldiz irakurtzen ditugun gatzik gabeko testuak, ezer esaten ez dutenak! Zenbat egun hedabideak irakurri eta ezer interesgarririk aurkitu gabe! Zenbat aldiz egunkariak balio duen euro eta 40 xentimo gastatu eta trukean ezer jaso gabeak!

Funtsean, idaztea, niretzat ardura bat da, nire buruarekin, eta nire herriarekin. Gainerako guztia merchandising hutsa da, egoen dantza, hedabideen asmakizun, ergelkeria hantusteen monumentu, jolas burges eta burges aspertuen lore-jokoak, eta hori garbi ikusten da: oso ondo idazten duen jende asko dago, baina globalki gure egoerari ekarpenik egiten ez diona. Ondo idaztea meritua da, bai, baina herrigintza beste hori da, plus hori.

Nik nire iritzia ematen dut, ez besterik; arrazoitua, testuinguru baten barruan kokatua, jakinekoa den errealitateaz landa gauzak beste modu batean izan litezkeela irudikatuz. Nire gogoen subjektua bat da: Euskal Herria. Ez alderdi bat, ez doktrina bat, ez politikagintza bat. Eta hori da nire akatsa, niretzat bertute dena. Ikerketa urte hauetan gauza bat deskubritu baitut, bat beste guztien gainetik: izaki ororen nahia dela askatasunean bizitzea eta hala jokatzea. Eta herri ororen nahia ere bai. Eta gogo horrekiko zalantzan dagoen herriak arazo latz bat daukala; normalean, kolonizatua izan da, politikoki menderatua, akulturizazioa jasan du eta ohitu egin da subordinazioan bizitzera. Eta status quo horretan leku erosoa hartu dutenek bigarren mailako subordinazioa jartzen dute martxan, iritzien barne-kontrola. Eta hau gauzatu dadin, etiketak: botereak, edozein mailatakoak, kritiko diren ahotsak zilegitasunik gabe uzteko asmatu zuen txartel mingarria, marka faxista bat bezala, inkontzienteki erabiltzea haren konplize egiten gaituena.

No Replies to "Herri bat begien aurrean"

    Dejanos tu opinión

    Uso de cookies

    Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

    ACEPTAR
    Aviso de cookies