Aurpegi bikoitza

Gexan Errotabehere. ORREAGA (Nabar Estatu Pentsamendua)-ko kidea.

Herri honetako panorama politikoari erreparatu…eta bene-benetan egoera guziz tamalgarriarekin egiten dugu topo; kezkagarria bezain latza. Egoera lazgarri honen aurrean aldiz, nafar herritarrak pozez beterik eta guziz ilusionatuak agertzen dira… Horra hor bada nafartarron politikarako dugun ez-jakintasun nabarmenaren froga. Herria guziz kolonizatua eta gure ( eskual/nafar) nortasuna guziz galtzeko bidean garela, inperialismoaren amarrutik atera ezinik gabiltza itsu-itsuan.

Hara; gauza bat da, bahituta gauzkanak bere funtzioa betetzea, erran nahi baita gu nafartar edo eskualdun bezala desagertaraztea. Menderatzaileak hori egitea edo saiatzea bederen gauzarik normalena edo naturalena da etsaia baita hain justu ere. Hori ulertu eta barneratzen ez duenak, ez du zer eginik politikaren zientzian edo munduan.

Baina gure bekatu larria, hau da, gure politikarako ez-jakintasuna edo oraindik larriagoa dena, dugun utzikeria hori barkaezina da. Baina are larriagoa dena, zera da: Herri honetako seme-alaba askok eta askok ( jakinaren gainean gainera) etsaiarekin zuzenki kolaborazen dutela euren buruak etsaiaren kolaboratzaile eta agente zuzenak bilakatzen dituztela. Horrek izen bat du : Traizioa.

Jokaera ( ez dut kalifikatibo aski gogorrik aurkitzen) honek ondorio politiko ezin kaltegarriagoak ditu eta herri, Estatu edo erresuma baten, hau da, Independentziaren eriotza da. Beraz, hortik aurrera, atera kontuak… Jada ez dakigu gure burua izendatzen, beraz ez dakigu nor zer garen ere, ez gara gure hizkuntza propioan behar bezain ongi mintztazen, eta hau gutxi balitz gainera, gure lurretan gure hizkuntza ikasi ahal izateko dirutza ederrak ordaindu behar izaten ditugu nafartarrok. Baina, holakorik non ikusi da? konplexuz beterik gaude, gure lur propioetan aske eta duintasunez bizitzeko ordez, beti makurturik eta ia-ia barkamena eskatuz, zapaltzaileari baimenak eskatzen dizkiogu eten gabe, behin eta berriz…

Frantses eta Espainol inperialista eta totalitarioek, egunerokotasunean, zirkulazioan jarri dituzte jada faltsuak bezain zapaltzaileak diren mezuak. Gure herriarendako kaltegarriak diren mezuak barneratzen ditugu beraz, harriak gure teilatura jaurtikiz etengabe gure herri nafarraren nortasun propioa galtzeraino. Etsaiaren betaurrekoak jantzi eta berorrek uzten dizkigun ogi-apurrekin konformatzen gara gure gainbehera ziurtatuz. Lehen aipatu bezala, nahiz eta herritar ainitz era inkonzientean edo ez-jakintasunetik egin, beste askok eta askok ,aldiz, era konzientean eta jakitun direla egiten dute iñongo erreparorik gabe. Berauek dira obendunik haundienak. Beraiek dute erru eta erantzunkizunik haundiena. Beraiek eraman dute Nafar herria, Estatua, erresuma hondamendira eta gaurko egoera katastrofiko honetara. Traidore hauei esker ez balitz, okupatuta gauzkaten bi Estatu totalitario eta biolentziaz beteriko hauek ( nahiz eta “demokraziaz” mozorrotu beraien jokabide zikin guziak) ezingo lukete minutu erdi ere gure lurretan jaun eta jabe izan. Ez horixe. Herriak hemendik igortzeko aski indar izanen luke. Gure independentzia antolatu eta instituzionalizatuko genuke, Estatu batek dituen ezaugarriak beteko luke gureak ere, eta Nabar Estatu zahar bezain duina mundu mailan merezi duen lekuan kokatuko genuke berriz, behingoz berraktibatu, martxan jarri eta mantentzeko lanari lotuko baginateke edo ekingo bagenio inguruan jartzen dizkiguten milaka eta milaka txatxukeria antzuei ( gure atentzioa desbideratzeko eta egin behar duguna ez dezagun egin enkargatzen baita menderatzailea, harek era finean jokatzen baitaki politika mailan eta lorpenak ihardesten baititu guk ez bezala) kasurik egin gabe eta gureari eutsiz. Hori baita hain justu ere gure Iparra mantentzea.

Jendarteari gure Estatu zaharra ( Eneko Aritzak besteak beste heredentzian utzi zigun Estatua) berraktibatzeari buruz mintzatzean, harriturik begiratzen dute bi gauza elementali erreparatu gabe: batetik, iñor ez dela Estaturik gabe bizi, ala zurea propioa… ala etsaiarena, baina Estatua izan baduzu.

Erran nahi baita, edo Estatu menderatzailearen menpe bizi… edo norberarena propioa antolatu eta herri aske batean bizi… Ez da arras gauza bera…ezta? Eta bestetik, badirudiela nafartarrok ez dakigula gure arbasoek guri utzitako Estatu propioa badugula jada, Nabar Estatua izenekoa hain zuzen ere eta ez dugula beste ez dakit nolako “Euskal Estatu” bat asmatzen ibili beharrik. Alemenia Alemania da eta punto. Italia Italia da eta punto. Errusia Errusia da eta punto. Nabarra Nabarra da eta punto. Baina gertatzen dena da, Nabarra bi inperialismorengandik okupatua eta inbaditua dela ; eta kolonizatua dela eta berraktibatzeko behar urgentea duela Alemenia, Italia edo Errusia ez bezala adibide bat emate aldera. Horixe da guzia. Bahitua izanarren Europako Estatu txiki bat gara Nafartarrok eta Estatu hori berraktibatzean etorriko zaigu independentzia, ez lehenago, baina horretarako, frantzia eta espainarengandik emantzipatu behar gara…orain !

Eta obeditzeari utzi… orain !

Baina arazo oso latza dugu guzi hori gutxi balitz ere: herri hau saldu nahi dutenak. Eta hori oztopo larria da benetan. Gure estatuaren berraktibatzea nahi ez duenak, hau da, kontra dagoen oro, herri honetako subjektu politikoa izateari utzi dio, herri honen parte izateari utzi dio. Ez da eskualduna nafartarra, frantsesa edo espainola baizik. Nahiz eta pertsona horrek ez aitortu, politikaren logikak eta arauek hori bera agintzen baitute eta ez baitago besterik. Punto.

Eta logikak eskatzen du ere, herri bateko etsaiarekin kolaboratzen edo elkar-lanean dabilen pertsona herriarekiko etsai zuzena bilakatzen dela ere jada lehendik herri horrek duen etsaiarekin batera. Finean, etsaiarekin aliatu da eta herriaren etsai bihurtu da. Gure kasuan beraz, etsai frantsesa edo espainola da harekin kolaboratzen duen herritarra edo indijena.

Laburbilduz, gure politikako eszenatokian, hiru aukera daude: espainola zara, frantsesa zara edo nafartarra zara eta punto.

 

No Replies to "Aurpegi bikoitza"

    Dejanos tu opinión

    Uso de cookies

    Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

    ACEPTAR
    Aviso de cookies