Ahotik eskuara, bihotzean eta buruan nabartasuna

Iragan igandean, itzuli baten ematera joan ginen ene laguna ta biok. Eguzki, iduzki Donapaleun erranen ginuken bezala edo ekhi eder eta eijer batek Arrokigan erraiten den bezala, gure aurpegi edo begitarteak Mauletarrek dioten moduan berotzen gintuen. Goxo da halako egunsentiek udaberri edo bedatsak oparitzen dauzkigun une zirraragarriez gozatzea.

Herri huntako panorama politikoa, aldiz, ez da hain zirraragarria…eta honekin batera ertsiki lotua doana ere, erran gabe doa, gure hizkuntzaren egoera, tamalgarria da.

Hizkuntza guzien arteko egoerea, prozesu historiko eta politikoen emaitza da. Hor aurkitzen da gure gaurko arazo eta nora-ezaren iturria. Prozesu horiek ongi aztertzea eta ulertzea ezinbestekoa da era guzietako gaizki-ulertu eta konplexuen olatuan galdu edo mozkortuko ez bagara.

Inperialismoak propio eta intentzionalki ezartzen ditu zirkulazioan termino-moda multzo bat eta pentsatzeko modu determinatu bat, guk nafar herritarrok euren (inperialisten) mesedetan erabil ditzagun, eta horrela, gure arteko nahasmena eragin dezan. Baina horiek, hain zuzen ere,ez dira gure intereserako gure termino eta pentsatzeko modu propioak amarru haundi bat baizik; eta utzi egin beharko genioke gure kontra doazen inperialismoak sortutako termino eta mundu-ikuskera horiek erabiltzeari, ez baita herrikoia Alemanena eta Frantsesena ere, ez diren bezala, eta geureari eutsi behar diogu, beraz.

Hausnarketa sakon eta kolektibo baten beharrean dago gure nafar herria.

Herriek ez die, dagokien hizkuntzari beraien borondatez uko egiten beste hizkuntza bat erakargarriagoa edo hobea delako. Bai aldiz, etnozidio bat egon delako. Gurea bezalako herriek, okupazio militarra jasan duen kolonizazio antolatua eta, epe luzekoa gainera pairatu dutenek, arazo latzak dituzte euren burua definitzeko unean. Menderatzaileek, lurraldea zatikatzearekin batera, herri menderatuaren izendatze-aldaketari ekiten diote herriko jendeak berak ere, nortzu diren ere ahantz dezaten, eta horrela, hobeki asimilatuak izan daitezen.

Izaera nazional propioa emanen dion botere-gorenik gabe, oso zaila (ezinezkoa ez esateagatik) da norberak nor den jakitea, ezin baitio bere buruari izen propio batez deitu eta horra hor, beraz, egundoko nahasmena.

Esanekoak eta akritikoak bihurtzen gara beraz. Hitzak ez dira errugabeak: boterea duenak asmatzen, ezartzen eta bere mesedetean erabiliak izan daitezen bermatzen ditu, guk errealitatea bere ikuspegitik ikus dezagun.

Bere interseko gaietan eragiteko ahalmenik ez duen herriaren aukera bakarra, baimenak erregutzea besterik ez da. Batzu, kontsensuaz mintzo dira, bainan ez dago kontsentsurik eskuarari dagokionez, eta ez da egonen ere. Boterea berreskuratzea. Ez dugu bertze aterabiderik.

Atzean duen indar politikoaren  araberakoa da hizkuntza baten indarra, eta boterea beraz.

Hemen, gure baimenik gabe ezarri zizkiguten guretzat guziz arrotzak diren Frantsesa eta Espainola. Eta boterea eta indarra erabili zuten horretarako, bistan dena.Zertara dator orain, beraz, guk baimena eta kontsentsua eskatu beharra?

Kolonialismo mentala, hiztunei bere hizkuntzak ezertarako balio ez duela sinetsaraztean eta mespretxaraztean datza. Hizkuntza des-politizatu behar dela erraiten duenak, agerian uzten du, intentzionalki afirmatzen duela hori nahasmena eragiteko eta hizkuntza menderatuaren indarrak are gehiago ahuldu daitezen. Aldiz, “inposizio”hitza ez da inoiz erabiltzen, hizkuntza menderatuen hiztegiko parte baita jada;eta honetaz ohartzen ez den herriak, ez du oraindik kolonizazioaren eragina gainditu. Horregatik da hain garrantzitsua des-ikaste prozesua martxan jartzea eta gureari eustea, egiazki gertatu dena kontatzeko gai izan gaitezen. Beraz, deskolonizazioa, norberaren pentsamenduan hasten da. Hitzak dira autodefentsarako lehen tresnak eta hizkuntzak batasun politiko bat ematen dio lurralde bati. Bestela, inperio guziak ez lirateke saiatuko beraien hizkuntzak inposatzen armen bidez. Eskuara, ekimen politikoak ekarri badu gaurko egoera honetara, ez al du berriz ekimen politikoak jarriko dagokion lekuan? Noiz hasi behar dugu, beraz, eskualdunok, dagokigun Estatu propioa aldarrikatzen eta norabide horretan zintzoki lanean?

Izan, badugu estatu propioa. Baina bahitua. Okupatua. Ebatsia. Arrotzez josia, etsaiez betea. Gure ardura da gure herriaren askatasunerako lanean aritzea gure interesak babesteko, lege propioak onartzeko eskumen guziak ekarriko dizkiguna inbaditu/okupatu gintuzten Estatu arrotzen legedian, besteak-beste, zein hizkuntza erabili dezakegun eta nola eta zer pentsatu behar dugun galdetzeko ordez. Gure legedi propioa behar dugu, herritik eta herriarendako sorturikoa. Gure legalitatea behar dugu Nafar herri gisa funtzionatzeko. Guk, frantses eta espainolengandik oso mundu-ikuskera eta pentsakera desberdina baitugu. Beste kultura, logika, sena, izaera, nortasuna, naturarekiko sinismenak eta loturak, ohiturak, idiosinkrazia, arrazonamendu propioa, hizkuntza, etabar luzea baitugu. Propioa.

Dena doa, gainera, ertsiki loturik eta ezin daike bereiz.

Gu, Nabarrako, eskuararen jendea gira, gara, gera, gare, gra eta gütützü horri dagokion guziarekin. Eskualdunok, Nafar hizkuntza izanki, nafar eran edo logikan pentsatzea da zuzenena eta eskuaraz beraz, bistan dena; eta ez inperialistek nahiko luketen gisan.

Eskuara eta Nabarrari egin genezaiokeen omenaldirik hoberena, askatasuna lortzea eta Estatu propioa berreskuratu eta mantentzea da. Herriari zor diogu. Duintasunez. Eskualdunok, Nafarroaren seme-alabak baikara.

No Replies to "Ahotik eskuara, bihotzean eta buruan nabartasuna"

    Dejanos tu opinión

    Uso de cookies

    Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

    ACEPTAR
    Aviso de cookies