Hau da dagona, besterik ez

Osoa

Gaur egun arte, mende eta mendeetan izandako borrokek egiaztatzen dute Euskal Herriaren izatea, existentzia, eta borroka horrek frogatzen du, berez historian zehar mantendu nahi duen eta eskubidez dagokion lekua mantentzen jarraitzeko nahia.
Hasieran, erromatarrak, frankoak, bisigodoak eta arabiarrak; frantsesak eta espainiarrek ondoren; denek frogatu ahal izan dute gure herri hau oso zaila dela indarrez konkistatu eta bereganatzeko. Hala ere, hurrenez hurren izandako errege godoek beren kroniken amaieratan erabiltzen zuten domuit vasconesek oraindik ere indartu egiten ditu gure askatasunaren etsai direnen amets inperialistak. Eta zergatik? Ez dugulako ez espainiarrak ez frantsesak izan nahi; euskaldunak, nafarrak, gure etorkizunaren jabe izaten jarraitu nahi dugulako.
Hau da bihotzaren barne-barnetik sorturik, Euskal Herriko gizon eta emakumeen kontzientzietara
hedatu eta hauek grinatzen dituen bizi-iturria. Nazionalismo zaharkitu eta nekrofiloenetik bakarrik esan liteke sentimendu hau partikularista denik; aitzitik, sentimendu honek bultzatu gaitu beti gizatasuna “maisu handi baten eskuetan legokeen arpa handi baten pare ikustera”.
Heine olerkigileak esango zukeen bezala esanik. “Herri bakoitza arparen soka bat da guretzat, eta soka guztien artean sortutako soinu gozo horretatik sortzen da biziaren soinu zoragarria”. Bizia bera, bere edertasuna, eta konplexutasuna maite ditugulako -gure ahotik ez da inoiz heriotzaren aldeko “gora”rik atera eta ez gara berarekin ezkontzen saiatu ere- herri bakoitzak bere erabakiak hartzeko duen eskubidearen alde ere bagaude, antzinako eskubidea baita eta galezina, beste guztien baldintza eta bermea dena. Euskaldunok garena izaten jarraitzeko aspalditik -Orreagakoa baino askoz lehenagotik- azaltzen dugun erresistentzia da, askatasuna, demokrazia, eskubideak eta munduko herri eta estatuen arteko bakea lortzearen alde egiten dugun gure ekarpen berezia, -nahikoa txikia bada ere-; orain arte, hauek izan baitira eta oraindik ere hala dira, oro har, gure konstituzioa eta jardun politikoa mantendu, gidatu eta legeztatzen dituzten printzipioak.
Baina helburu politikoak lortzeko denean, historiak milaka adibide iraunkor eta ukaezin dauzka morala, elkarrizketa (nahiz eta goizaldera arte aritu behar izan), edo “okasiorako itsukeria” duen eta printzipio horiek zapaldu eta behin eta berriz horietaz barre egiten duen zapaltzailearen arrazoia lortu zain egotea arriskutsua dela adierazten dutenak.
Zoritxarrez, gaur egun herri eta nazioen arteko harremanak sortzen eta gauzatzen diren eremuetan oraindik ere ez da sortu demokratikoki eratutako “hirugarren” hori, liskarrean bitartekaritza egingo duena, nazioarte mailan onartuak diren printzipioen arabera erabakiak hartuko dituena eta hautsitako, zapaldutako eskubidea eraginkortasun eta azkartasunez lehengoratuko duena. (Hala ere) Ongi etorriak izan bitez azken hamarkada hauetan hori lortzearren egin diren saiakera eta aurrerapausoak, nahiz eta ez diren inolaz ere kanpai hotsak jotzeko modukoak
Garaia da aspalditik inguratzen gaituen irrazionalkeria puskatu eta gauzak diren bezala ikusteko. Garaia da, bai kontzientzian bai errealitatean, dauzkagun baliabideak eta lortu nahi ditugun helburuak neurtzeko; garaia da, azken finean, gure indar mailarekin eta besteenarekin bat datorren estrategia politikoari ekiteko.
Horrela, alferrik botatzen ari garen energia benetako indar politiko eta eragile bihurtzean bakarrik lortuko dugu arazoa konponbidean jartzea. Horretarako behar diren baldintza material eta teorikoak, izan badaude (baieztapena ez da autoreferentea); hauek ez onartzearen eta gizartean ez ezartzearen arrazoia nafar eta euskal siglapeko erakunde sektario eta antidemokratikoen errua da neurri handi batean, erakunde hauek faszismoarekin bat egiten dute eta, nahiz eta batzuetan beharbada nahigabean izan, behin eta berriz arrazoia ezkutatu eta desegin nahian. Horregatik, gure artean eratua dagoen “pentsamendu” politikoari buruz zabaldutako adierazpen ofizialak, orokorrean, inperialismoaren mozorro bat besterik ez dira; bien bitartean, nafarren berezko diskurtsoa, askatzailea eta kritikoa dena, tentuz eta artez manipulatu, jazarri eta estali egiten dute, liluramendu, ahaztura edo akulturazioraino eraman arte.
ZENTZUMENAREN GUTXIESPEN ERRUGABEA ALA AZPIKERIA NABARMENA
Bien bitartean, eta ez badugu behin betiko suntsituak izan nahi, askatasunak agintekeriaren aurrean oraindik ere gehiago amore ematea nahi ez badugu, heriotza eta berdinkeria aniztasuna eta biziaren gainetik egotea nahi ez badugu, ez dugu beste irtenbiderik: betiko etnozida eta genozidei aurre egiteko legez dagokigun defentsa egiten jarraitu behar dugu.
Egokitu zaizkigun bizi-baldintzak kontuan izanik, inperialismoaren eraso gaiztoei aurre egiteko borondatea da bizirik irauteko dugun berme bakarra. Ez dago beste biderik, alferrikakoak dira.
Zentzumenaren gutxiespen errugabea ala azpikeria nabarmena: politikoki esango bagenu ez legoke alderik arrazonamenduaren adar batek edo besteak harrapatzearen artean. Baina urteetako eskarmentuak erakutsi digu, halaber, politikan, adorea eta eskuzabaltasuna beharrezkoak baldin badira ere, ez direla nahikoak nahi diren helburuak lortzeko. Gure arbasoek erakutsi zituzten birtute horiek, baina aurrera eramateko xahutu zituzten ahaleginek ez zituzten era bereko emaitzak erakutsi.
Noizbait esan zen bezala egia baldin bada jakituria dela aske egingo gaituen bakarra, egiagoa da ziurraski, gurea bezalako herri txiki eta baliabide gutxiko herri bati dagokionean. Gure errekurtso xume horiek ezin ditugu haur jolasetan xahutu, edo okerrago oraindik, indarkeria…

1945eko ekainaren 26an San Francisco-n sinatu zen Estatu Batuen Estatutua. Indarrean sartu zeneko data, urte horretako urriaren 24a. Bere aitorpenetan, eta batez ere ekinbideetan, ugariagoak dira gune ilunak argiak baino.

Herrien askatasunari dagokionean, bere dokumentu publikoetan antzeman daitezkeen gorabehera semantiko edo hizketetan, eta geroago horietan egin ziren interpretazio ezberdinek argi eta garbi azaltzen dute, sakonean, askatasunaren aldekoen eta askatasunaren etsai porrokatuen arteko benetako borroka. Aldera bitez, esate baterako, Giza Eskubideen Konbentziorako Hitzarmen Proiektua geroagoko Aitorpen eta Unibertsala.
 HERRI SENTIMENDUA KONTZEPTU PLANORA ERAMAN
“Orreaga”-ren helburuetako bat, hain zuzen ere, nozitzen duen ezezagutza zital eta kaltegarri horretatik ateratzea da, ahal dugun neurrian indarberritzea, eta batez ere, ezagutzera ematea, legokiokeen estrategiaren ezinbesteko osagai modura, askatasunerako tresna izan dadin; Herri sentimentua kontzeptuaren planora eramatea beharrezko eta premiazkoa da, plano hori baita eta ez besterik, propaganda faszista dekodifikatu eta duen mozorroa eraisteko modu baikor bakarra.
Errealitatearen berehalako edo bapateko oharmena ez da nahikoa eginkizun horretarako, bortxaz hain nahaspilatu, egituratu eta desitxuratutako testuinguru sozial eta kultural honetan.
Ezagutze maila hori gainditzen ez bada loturarik gabeko, lekuz kanpo dauden eta desegokiak diren makina bat gatazkatan xahutuko ditugu gure errekurtsoak inperialismoaren ideologia berreskuratzeko saiakera etengabe eta berriztatuak gainditzeko gaitasunik lortu gabe.
Bat-bateko oharmena oharmen erreflexu bihurtzeko gai izan ez garelako; helburua lortzeko nahia ezagutzarako erakunde multzoan bihurtzen jakin ez dugulako; mistika politikan bilakatzeko gai izan ez garelako… askotan eta askotan, anaien arteko borroketan aritzerainoko zorigaitzera bultzatu edo behartu gaituzte eta askatasuna lortu nahian ari ginelakoan, -eta batzuetan, baita garaipena lortua genuela pentsatu ere- egiazki, lehen baino kate gehiagorekin bukatu dugu

Hain egoera deitoragarri honen erantzukizun moral eta politikoa nazioko klase politikoa eta intelektualtasunaren gainean erortzen dira, hein handi batean. Azaltzen duten harrokeria neurrigabeak, esnatu berria edo aurkitu berria duten funtzionario izateko joerak – kolonizatutako pertsonak baitira- beren gisako frantses eta espainiarrekiko daukaten gutxiespen konplejoak, inolako arrazoirik gabe herriaren indarra eta erabaki politikoak gutxiesteraino eramaten ditu, hori zuritzeko, tituluak, ohore mediatikoak eta lanpostu hobeak eskaintzen dizkieten legalitatean partaidetza positiboan aritzeko duten gogo aitorrezina azalduz.

NAFARROAKO ERRESUMA:
BOTERE POLITIKOAREN ERAKUNDETZE PROZESUAREN GAILURRA.
Egia da, hala ere, dagoeneko Euskal Herririk ez zela existitu ere egingo historian zehar garaian garaiko egoerari egokituriko estrategia aproposak asmatzeko gai izan ez balitz,instituzio arauegile, ekonomiko eta politikoak lortzeko gai izan ez balitz, lorpen horiek utzi baitiote munduko herrien artean leku bat izaten jarraitzeko nahitaezkoa den indar soziala gauzatzen.
Hara hemen adibide modura, azken mendeotan parte hartu behar izan dugun zorigaitzezko gudak, edo hain garrantzitsuak izan ziren herri errebuelten (altxamenduen) amaierako porrota: l634an, Bizkaiko nafarlurralde okupatuan gertatutakoa; 1893an, batez ere lurralde okupatuan gertatutakoa, gaur egun, murriztapenez, Nafarroa Garaia deritzanean horretan; edo 70eko hamarkadan ia lurralde nazional osoan gertatu zena.
 Instituzio hauen artean aipatzekoa da, duen garrantzia kontuan izanik, antolamendu berezia, subiranoa eta zentralizatua duen baten sorrera, gure nazioan garatutako botere politikoaren Instituzionalizatze edo arrazionalizatze prozesuaren gailurra: Nafarroako Erresuma; hain zuzen ere, mendebaldeko beste zenbait tokitan gertatzen ari zenaren aurrean hau baitzen (edo baita) -eta ez besterik- gure herriaren eskubideak eta askatasuna lortzeko berme bakarra.
Izan ere mundu zibilizatu honetan, estaturik, eta lekuan lekuko gobernurik ez izatea inon den zorigaitzik handiena da izaten (bizirik) jarraitu nahi duen kolektibo batentzat. Inperialismoa, estaturik ez duen herri bat beste batean integratzeko edo beste baten pean erortzeko zorian dagoela jakitun, behin eta berriz, eta ahal izan duen era guztiak erabiliz saiatu da gure herria suntsitzen. Eta oraindik erabat lortu ez badu ere, ukaezina da arrakasta izan duela bere ekimenetan, eta arrakasta horrek, jakina, gure porrotak baieztatu besterik ez du egiten.
Laburturik honela adieraz genezake: 1521az geroztik, bost mila nafarrek beren bizia borroka- zelaian galduta gure gudalostea Noain eta Amaiurren garaitua izan zenez geroztik, ez gara gai izan gure herriak odolean daraman erresistentzia-espiritua, “ipso facto”, eraginkor hitzaren sinonimoa den arrazionaltasun politikoaz hornitzeko.
Jakin badakigu, “zatikatu eta garaipena lortuko duzu” leloa jarraiki, inperialismoak, behin eta berriz egindako eraso eta makurrarazte saiakerekin adierazi duen bezala, Nafarroako Estatuaren (Lurraldearen) haustura soziala eragitea izan duela helburu; izan ere instituzio honetan garatu baitzen, eta oraindik ere indarrean baitirau, lurralde historiko ezberdinen batasun politikoa.
Hauek honela, nafarrok, Obanoseko infanzone, Noaingo heroi, eta ekinbide horretan gure aurretik joan direnen bidea urratuz, haiek bezain erabakitsu jarraitu behar dugu gure aberriaren askatasunaren alde. Horretan daukagu jokuan gure etorkizuna.
Honek, helburuaren definizio zehatza izateaz gain, nahitaezko osagarritzat behar ditu: helburua lortzeko egokiak diren instituzioak behar ditugula onartzea eta hauek eraginkor bihurtzea; antolamendu eta marko sozial nahiz politiko demokratikoak; eta garaia eta beharretara egokitutako garapen teoriko eta ideologikoa.
Erabakitzailea izan daitekeen unean gaude. Berezko eremu politikoa bazter batera uzteak irauteko ezinbesteko indar sozialaren murrizketa etengabea dakar. Bide horretatik jarraituz gero, berehala bukatuko dugu gure arbasoek utzi zigutena alferrik galduta, eta ezin dugu ahaztu, malko eta izerdi asko xahutu zutela eginkizun horretan, eta beren odola ere eman zutela guda bat baino gehiagotan.
Aitzitik, egun, barneko eta kanpoko baldintzek ahalbidetzen duten eta beharrezkoa den ahalmen estrategikoa berreskuratzen badugu, litekeena da gure nazioak garai guztietako genioaren mirespena sortu zuen freskotasun eta bizitasuna berreskuratzea. Hala zioen Shakespeare genioak: “Nafarroa munduko mirespena izango da”. Eta izan ala ez, munduaren harridura lortu ala ez, Rabelais-en aholkua jarraituko dugu. Honek, berak bezala pentsatzen zutenentzat Frantzia eta Espainian garaiak gorriak zirenean, Nafarroako Margaritak emandako babesari esker Pirinioz gaindiko bizileku derrigortuaz gozatzerik izan zuenak, Thelemeko abatetxerako -garai hartan jakituriaren zentro modernoa- arau bakar moduraezarri zuen hurrengo klausula: Egin ezazue nahi duzuena.
Horrela, Nafarroako estatu legitimoari bese borondatearen kontra konkistatu eta ebatsitako Ebro eta Aturriren arteko lurraldeetako oin ordekook adierazi nahi dugu, duela hamabi mendeetatik gaur arte, hizkera gutxi gora-behera beretsuan, modu politiko zehaztuan eta geldiunerik gabe adierazi duguna, euskaldun izaten jarraitu nahi dugu, nafar hiritarrak izaten jarraitu nahi dugu. Ez gehiago, ez gutxiago

No Replies to "Hau da dagona, besterik ez"

    Dejanos tu opinión

    Uso de cookies

    Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

    ACEPTAR
    Aviso de cookies