Lurraldetasuna gurea

Iñaki Gezalaga

Orreagako kidea

Lurralde zehatz batean kokatzen dira herriak. Beraz, lurraldetasuna deituko genioke herri batek berea duen lurraldeari; herri horren gobernuak agintzen duen eremuari.

Garrantzitsuena ez da lurraldea finkoa edo koiunturala izatea, nomadek duten bezalakoa; garrantzitsuena da herri batek bere eskubideak erabiltzeko esklusiboa kontsideratzea.

Bere lurraldea gobernatzen duen herri batek gauza anitz egin ditzake: populazioa antolatu, legeak betearazi, eskubideak bermatu, biztanleen arteko elkarbizitza erraztu eta hobetu, ekonomia garatu, hauteskundeak egin, eta abar.

Lurraldea, hizkuntza eta populazioa dira nazio baten hiru zutabeak. Normalena da herri batek, jatorriaz, bere hizkuntza, populazioa eta lurraldea edukitzea. Eta horrela osatzen dira nazio naturalak, normalak.

Nazioek gobernu bat izendatzen dute, eta, orduan, estatu baten aurrean gaudela esan daiteke. Beraz, lurraldea da, baita ere, herria eta gobernuarekin batera, estatu bat osatzeko ezinbesteko elementua .

Baina historian zehar, bere lurraldea handitu nahi zuten nazio batzuk, estatu batzuk, beste nazio edo estatu batzuen lurraldea konkistatu eta bereganatu dute, biolentziaz.

Euskal Herrian ere sarraski hori egin digute. Lurraldea lapurtu egin digute, puskatu egin dute. Oraingo lurraldea eta orain dela 600 urte genuena ez da berdina. Eta hori ez dago horren urruti. Lapurtu, puskatu, zatitu, mugitu eta ezberdindu, mugak kontrolatuz. Ez bakarrik lurraldea, baizik eta populazioa eta beste gauzak ere bai. Hori dena egin digute lurraldeari buruz; lurraldearekiko kolonizazioa egin digute.

Beraz, gure lurraldea okupatua dago. Gure lurraldean ditugu bi estatu inperialisten administrazioa, segurtasun indarrak, armada, eta abar. Hemen bete behar diren legeak ez dira Euskal Herriko gobernu propio batek jarritakoak, Espainiak eta Frantziak jarritakoak baizik.

Adibidez, Inbasoreak gure lurraldean dauden artean, txantxa dirudi hauteskunde demokratikoez hitz egitea, errealitatean sarkasmo bat ez balitz.

Zein da Euskal Herriaren lurraldea? Herri bat libre denean, ondo zehaztua du zein den bere lurraldea. Guk ere bagenuen gure lurralde esklusiboa. Baina orain puskatuta, zatitua eta deseginda daukagu. Hori konkista eta okupazio baten ondorioa da.

Gure artean oso hedatua dago gure etorkizuna hauteskunde bidez erabakiko denaren ideia okerra, bai independentzia berreskuratzekotan, eta baita beste edozein egoera imajinatuz. Horrek lurraldetasunaren inguruan eztabaida antzuak eta kontraproduzenteak sortzen ditu, egungo zatiketa markoa (inposatua eta ez naturala dena) propiotzat eta naturaltzat hartuz (“errealitatean hor dagoelako”).

Horrela hasten gara 3 lurralde esparru ezberdinez hitz egiten, abiadura ezberdinez, bakoitzaren erritmoa errespetatu beharraz, batak besteari “itxarotearen” komenientziaz, etabar. Baina lurraldea, herria bezala, bat eta bakarra da, eta hori barneratu ezean alperrik da eztabaida horietan sartzea.

Arazo politiko baten aurrean gaude, indar-erlazioetan oinarrituriko arazo bat, hortaz; ondorioz, lurraldea izango da, herriak (bat eta bakarra) lehen aipaturiko erabilera esklusibo horretarako kontrolatu dezakeen lurraldea.

Nazioarteko arazo politiko batean murgildurik gaudela barneratu ezean, hau da, estatu baten (edo biren) barne-arazoa balitz bezala jokatzen jarraituz gero, lurraldetasunaren korapiloa askatu-ezinezkoa da.

Independentzia lortzeko borrokan ari diren herriek ez dute zertan bere lurraldea zehaztasunez definitu. Israeldarrek, adibidez, ez dute egiten. Lurraldea izango da, azken finean, guk daukagun indarrarekin kontrolatzeko gai garen eremua. Horrek ez du esan nahi ezeri uko egiten diogunik.

Hemen herri bat dugu, eta gure lurraldea zein den ere kontzientzian dugu;  Gure lurraldea da, armen bidez eta biolentziaz lapurtu digutena.

Gure gobernua behar dugu estatua berreskuratzeko. Eta estatuaren eginkizuna da, beste batzuen artean, lurraldea defendatzea.

Azken finean, gure indarrekin kontrolatzeko gai garen eremuak markatuko du gure lurraldea.

Review

User Rating

4 (1 Votes)

Summary

Score

No Replies to "Lurraldetasuna gurea"

    Dejanos tu opinión

    Uso de cookies

    Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

    ACEPTAR
    Aviso de cookies