‘Demos’ bat al gara?

M. I. Uriarte

Orreagako kidea

Duela gutxi irakurri ahal izan dut Jaume Lópezek idatzitako artikulu bat: «Derecho a decidir, derecho a la autodeterminación?»
Bi eskubide hauen arteko aldea zein den azaleratzeko, demos eta herria terminoak erabiltzen ditu bertan; gu zer garen eta zer ez garen esateko, alegia.

Zientzia politikoak demos horrela definitzen duela dio: erabakiak hartzeko, gehiengoaren legea aplikatzen den komunitatea. Beraz, ez gara herri bat; demos bat gara, komunitate bat gara.

Autodeterminazio eskubidea deskolonizazio testuinguru batean soilik omen da erabilgarria; nazioarteak aintzatesten badu herri bat kolonizatua dagoela edo inperio baten zati bat dela, orduan aplika daiteke eskubide hori.

Bi taldeen arteko gatazka politikoa autodeterminazio eskubidearen bidez konpondu ahal izateko, nazioarte mailako dimentsiokoa, estatuen artekoa behar du izan; Hillary Clintoni oposizioak galdetu zionean ea AEBek zein jarrera zuten katalanen, eskoziarren eta galiarren independentzia aldarrikapenei buruz, garbi adierazi zuen: «Ez naiz nahastuko Europako estatuen barne gaietan». Hortaz, estatu baten barruko gatazka bat omen gara.

Hala ere, edozein herrik, eta konkistatua izan den herri batek are gehiago, nahikoa du herri bat izateko borondatea, autodeterminazio eskubidearen jabe izateko. Oso erraza da ulertzea: gure etxean norbait indarrez sartzen denean, etxetik kanpo bidaltzeko eskubide osoa dugu; etxe horretan bizi garen guztien indarra erabiliko dugu ahalegin horretan.

Bi estatuen barnean dagoen herri bat al gara gu? Ezetz diote. Autodeterminazioaren bidea saihestu nahian, herri izaera ukatzen digute. Ez omen gara herri bat nazioartean; ez omen daukagu autodeterminazio eskubiderik. Ez bagara herri bat, zer gara?

Gizajende batek herria izan behar badu autodeterminazio eskubidea izateko, eta gu ez bagara herri bat, zerbait asmatu beharra zuten, izaera hori ukatua dugunon askatasun aldarrikapenak nolabait asetzeko; beste behin ere, sasi-konponketa edo amarru berri batean eror gaitezen.

Bai eta asmatu ere: «Erabakitzeko eskubidea». Zein da eskubide horren jabe? Demos-a, hain zuzen ere. Gu demos bat gara; beraz, erabakitzeko eskubidea daukagu. Guztiok gara demos horretako hiritarrak, ez ordea herritarrak. Kultura, historia, erreferentziak, hezkuntza, hizkuntza, ohiturak, mitologia, kirolak, literatura, eta abar, desberdinak izateak ez dio axolarik. Guztiok nahasturik baina hiritarrak.

Hortik aurrera datoz, autodeterminazio eskubidearen gutxiespenak eta erabakitzekoaren laudorioak. Lehenengoa mugatua da, independentzia du aukera bakarra. Bigarrenak, aldiz, «erradikalismo demokratikoa» defendatzen du; independentziaz gain, guztia da lorgarria, irudizko edo ametsezko demokrazia batean. Gure kasuan, Espainia zein Frantzia demokratiko batean.

Autodeterminazio eskubidearen bidea aukeratzeak dakartzan zailtasunak azaltzeko asmoz, Kosovoren (Jugoslaviako autonomia ohia) independentzia prozesua jartzen du adibidetzat. Han lortutako aldebakarreko independentziaren baldintzak aipatzen ditu: 1.Akordio batera heltzeko bideak agortzea. 2.Biolentziarik eza. 3.Ordezkari legitimoek, demokratikoki aukeratuak eta inolako erreferendumik egin gabe, independentzia aldarrikatzea aho batez. Zailtasunak zailtasun, Hagako Epaitegiko magistratuek ez dute legez kanpokotzat ebatzi.

Jaume Lópezek dioenez, demos batek askoz ere errazago erabaki dezake guztia: «komunitate» horren antolakuntza instituzionala, edo bere muga politiko-juridikoak, adibidez. Erabakitzeko eskubidea erabaki demokratikoen helburuen handitzea baita. Edozein helburu lor dezake, erabakia demokratikoa bada, gehiengoak erabakitzen badu.

Gehiengoa aipatzen dutenean (beste autore batzuk), gehiengoaren printzipioaz ari dira, hau da, une bateko gehiengoak beti alda lezake bere iritzia etorkizunean; zer esanik ez gehiengo hori oraingoaren desberdina izanez gero; gaurko gehiengoak ezin du «betirako» erabaki demos horren etorkizuna.

Gure herriari dagokionez, ez gara demokrazia batean bizi, ez baita herri libre bat. Gune hori demokratizatzen saiatu behar al dugu, demos-aren erabakiak demokratikoak izan daitezen? Hori al da «marko demokratiko» bat lortzea? Guk bihurtu behar al dugu demokratikoa inperialista den eta zapaltzen gaituen estatu bat? Hori sekula ez dugu lortuko. Inperialismoa transmititu egiten baita belaunaldiz belaunaldi.

Lópezek dio, baita ere, Elkarte Autonomo bat demos bat dela, zalantzarik gabe, gutxienez lau urtez behin, bere autogobernu borondate demokratikoa erabiltzen duen populazioa biltzen baitu. Ez du nazioarteko errekonozimendu baten beharrik, eta ez du autodeterminazio eskubidea erabiltzeko aukerarik, ez eta beharrik ere.

Baina gauzak ez dira horrela. Gu, demos bat, komunitate bat, autonomia bat izan aurretik, herri bat gara, nazio bat gara, eta okupatuta dagoen estatu baten jabe gara. Horrek esan nahi du, beste herri/estatu guztiak bezalaxe, libreak izateko eskubidea gurea dugula, propioa, berezkoa. Ez dago nazioartearen baimenaren zain egon beharrik, ez dago erreferendum baten beharrik; ez bada ere, independentzia aldarrikatu ondoren. Egoera horretan, guk erabakiko ditugu baldintzak: errolda, epeak, erakundeak eta abar.

Beste estatuek joko arau horiek dituzte; askatasun egoera batean egiten dituzte hauteskunde deialdiak, baldintza guztiak beraien eskuetan dituzte. Espainia zein Frantzia sekula ez dira demos bat izan. Sekula ez dute erreferendum bakar bat ere egin independentzia egoera erabakitzeko. Eta, azkenik, ez dute une oro gehiengo baten beharrik, beste estatu baten barruan demos bat izan nahi duten ala ez hautatzeko. Askatasun egoera ez dute inoiz auzitan jartzen. Beste erabaki mota batzuk dira aukeran jartzen dituztenak.

Gu ez gara dena lor daitekeen paradisu demokratiko batean bizi garen demos bat. Ez dugu nahi demos baten erabakitzeko eskubiderik, Gure eskubidea independentzia da, zuzenean. Bi estatu inperialistaren pean gauden eta gure estatua bahiturik daukagun herri bat gara. Erakunde propio bat sortu behar dugu, aldebakarreko independentzia aldarrikapena egingo duena. Erakunde propio horrek berak, eta soilik independentzia egoera batean — ez lehenago—, antola dezake erreferendum bat, ea onartzen dugun herri bezala dagokigun egoera hori.

No Replies to "‘Demos’ bat al gara?"

    Dejanos tu opinión

    Uso de cookies

    Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

    ACEPTAR
    Aviso de cookies